(Gasteiz, 2025eko urriaren 20a).- Ziur al gaude 8 urterekin hartzen ditugun erabakiez? Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) (BCBL) ikerketa zentroak ikasturteari hasiera eman dio bere JuniorLab laborategian, Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxean, eta haurrek parte hartuko duten ikerketa-proiektu berriak jarri ditu abian, gure metakognizio zein prozesu mentalei buruz hausnartzeko gaitasunaren inguruko ezagutzan sakontzeko helburuarekin.
Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako ikasleek jokabide-esperimentu batean parte hartuko dute abendura arte. Esperimentua ikusmen-diskriminazioko ataza erraz batean datza, haurren gaitasun metakognitiboa behatzeko.
«Ordenagailu baten pantailan, irudi bateko lerroak ezkerrera edo eskuinera bideratuta dauden identifikatu beharko dute ikasleek. Lehenengo, bakarka egingo dute zeregina, gero bikoteka, eta, azkenik, bakarrik berriro. Erabaki bakoitzean beren segurtasun-maila ebaluatzeko eskatuko diegu haurrei, metakognizioaren funtsezko neurria izanik», azaldu du BCBLko Kontzientzia taldeko Francisca Campos Matías ikertzaileak.
Ezaugarri horrek hezkuntza-onura garrantzitsuak izan ditzake, hala nola ikasteko autonomia handitzea eta errendimendu akademikoa zein ikasitakoa egoera berrietan erabiltzeko gaitasuna hobetzea.
«Adibidez, akats bat egin dugula aitortzeko, zerbait garrantzitsua ahaztu dugula ohartzeko edo geure ezagutzan dugun konfiantza balioesteko balio digu. Gure azken helburua metakognizio hori entrenatu dezakegun egiaztatzea da, ikaskuntza hobea sustatzeko asmoz», gaineratu du ikertzaileak.
Aldaketak ikaskuntza-prozesuan zehar
Bestalde, JuniorLab-eko 2025-2026 ikasturtean, BCBLk jarraipena emango dio 2024ko urrian abiatu ziren proiektuetako bati ere: LongRecal.
Ekimenaren helburua irakurketaren ikaskuntzan zehar pertzepzioan eta fonemen ekoizpenean gertatzen diren aldaketak aztertzea da; hau da, irakurketaren ikaskuntzaren eta hizketaren soinuak hautemateko eta sortzeko moduaren arteko lotura ulertzea.
Azterlan honetako hiru faseetan Haur Hezkuntzako 60 ikasle ari dira parte hartzen: lehena 2024ko urritik 2025eko otsailera bitartean egin zen, bigarrena urrian hasi eta 2026ko otsailean amaituko da, eta hirugarrena 2026-2027 ikasturtean egingo da.
Luzetarako azterlan honek funtsezko informazioa emango dio Marie Lallier, Clara Martin, Antje Stoehr eta Irene Qiu ikertzaileek osatutako BCBLko taldeari, irakaskuntza-metodo eskuragarriagoak eta eraginkorragoak garatzeko xedearekin.
Bestalde, datuak DyslRecal proiektuan lortutako emaitzekin osatuko dira. Esperimentu hori joan den ikasturtean burutu zen, eta Lehen Hezkuntzako 3. mailako 40 ikaslek parte hartu zuten, BCBLn ebaluatutako dislexia duten pertsonen kontrol talde gisa. «Horrek irakurtzeko zailtasun horiek dituzten haurrengan arreta berezia jartzen lagunduko digu», azpimarratu du Marie Lallierrek.
JuniorLab-ari buruz
BCBLren eta Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxearen arteko harremana 2011. urtean sendotu zen JuniorLab-aren sorrerari esker, hizkuntzarekin lotutako prozesu neurokognitiboen azterketa zientifikorako laborategia.
Esperientzia aitzindaria da Europan, eta hezkuntzari aplikatutako neurozientziaren aurrerapena bultzatzea du helburu. JuniorLab erreferentziazko zentro bihurtu da haurren mekanismo kognitiboak aztertzeko, eta, horretarako, azken belaunaldiko teknikekin hornitutako hainbat gela ditu, neurozientzia-azterlanak egiteko aukera ematen dutenak.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067
Aitor Uriarte
Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxeko zuzendaria
945 282 942