Itzuli Prentsa-oharrak: Europako 27 herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, eleaniztasunak gazte mantentzen laguntzen du

2025/11/11
  • BCBL ikerketa zentroak Nature Aging aldizkarian argitaratutako ikerketa batean parte hartu du, eta 86 000 pertsona baino gehiagoren datuak aztertu ditu.
  • AA ereduen bidez, ikertzaileek parte-hartzaile bakoitzaren benetako adin eta adin biologikoaren arteko aldea kalkulatu dute.
  • Emaitzen arabera, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek lehenago zahartzeko arrisku bikoitza dute.

 

(Donostia, 2025eko azaroaren 11).- Beste hizkuntza batzuk ikasteak denbora gehiagoz gazte mantentzen lagun dezake? Bere balio kultural eta sozialaz gain, hainbat hizkuntza hitz egiteak garunaren osasuna eta osasun fisikoa ere babes ditzake, zahartzearen prozesu biologikoak motelduz eta bizitzan zehar erresilientzia indartuz.

Hauxe da, hain zuzen, Nature Aging aldizkari ospetsuan argitaratutako nazioarteko azterlan baten ondorioa. Ikerketa horren egile nagusien artean Lucia Amoruso dugu, Ikerbasque-ko irakasle elkartua eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzailea.

Aditu-taldeak Europako 27 herrialde desberdinetako 86 149 parte-hartzaileren datuak aztertu zituen, eta frogatu zuen eleaniztunen zahartze biokonduktuala motelagoa zela elebakarrekin alderatuta.

Egileen arabera, hainbat hizkuntza hitz egiteak zahartzearen prozesu biologikoak moteldu eta adinarekin lotutako narriaduraren aurka babes dezakeela erakusten du horrek.

«Eleaniztasuna zahartze osasuntsuaren aldeko babes-faktore izan daitekeela erakusten duten froga sendoak eskaintzen ditu gure lanak», nabarmendu du Lucia Amorusok.

AA ereduak

Ikertzaileek milaka osasun- eta jokabide-profil bidez entrenatutako Adimen Artifizialeko ereduak erabili zituzten parte-hartzaileen adin biologikoa zenbatetsi eta jokabide-adinaren arrakala (BBAG ingelesez) kalkulatzeko, hau da, aurreikusitako adinaren eta adin kronologikoaren arteko aldea.

«Parte-hartzaileen arrisku faktoreak (hipertentsioa, diabetesa, lo-arazoak edo zentzumen galera) eta faktore babesleak (hezkuntza, kognizioa, gaitasun funtzionala edo jarduera fisikoa) jaso ditugu, ondoren BBAG balioa erauzteko xedez. Balioa negatiboa bada, norbaitek zahartze moteldua eta osasungarria duela adierazten du; positiboa bada, ordea, zahartzea bizkorragoa da», azaldu du azterlanaren beste egile batek, Agustin Ibañez doktoreak, Latinoamerikako garun-osasunaren inguruko BrainLat institutuko zuzendari zientifikoak.

Emaitzek agerian jartzen dute hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten den herrialdeetako  pertsonek zahartze bizkorraren zantzuak jasateko probabilitatearen erdia dutela. Aldiz, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenek lehenago zahartzeko arrisku bikoitza dute.

Ondorio horiek adierazgarriak izaten jarraitzen dute, baita faktore linguistiko, sozial, fisiko eta soziopolitikoen arabera egokitu ostean ere. Eleaniztasunaren babes-eragina sendoa da zeharkako azterlanetan —zahartzean gaur egun dauden aldeak islatzen dituztenak— zein luzetarako analisietan —eleaniztasunak denborarekin zahartze bizkorra izateko arrisku txikiagoa aurreikusten duela erakusten dutenak.

«Hizkuntzak ikasi zein erabiltzeak arreta, oroimena eta kontrol exekutiboarekin lotutako funtsezko garun-sareak aktibatzen dituzte, baita elkarreragin sozialarekin lotutakoak ere; mekanismo horiek erresilientzia indartu dezakete bizitzan zehar», gaineratu du Hernan Hernandez doktoreak, BrainLat-eko ikertzaile eta artikuluaren egilekideak.

Gainera, egileek efektu babesle hori metagarria izan daitekeela azpimarratzen dute: zenbat eta hizkuntza gehiago hitz egin, orduan eta babes handiagoa zahartzeari lotutako narriadura kognitiboaren aurka.

«Aurkikuntzen arabera, eleaniztasuna biztanleriaren zahartze osasungarria sustatzeko tresna irisgarria eta ekonomikoa da, beste faktore batzuekin konbina daitekeena, hala nola, sormena eta hezkuntza», ondorioztatu du BCBLko adituak.

Nature Aging aldizkarian eskuragarri dagoen eskala handiko ikerketa epidemiologiko hau aurrerapen garrantzitsua da faktore kognitibo, sozial eta kulturalak dituzten garun-osasuneko estrategia orokorrei dagokienez. Egileek osasun publiko zein hezkuntzaren inguruko politiketan hizkuntzen ikaskuntza txertatzearen alde egiten dute, erresilientzia kognitiboa hobetu eta zahartzearen karga soziala murrizteko helburuarekin.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067