(Gasteiz, 2025eko maiatzaren 15a).- Dislexia bezalako hizkuntza nahasmenduak diagnostikatzeko estrategia hobeak garatzea eta hizkuntzak hobeto ikastea erraztuko duten mekanismoak aurkitzea dira Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza Ikastetxean dagoen JuniorLab laborategiaren erronka nagusiak.
2011n abian jarri zenetik, Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa-zentroak bultzatutako gune honek hainbat ikerketa egin ditu ikastetxeko haurren laguntzaz, haien hizkuntza-garapena hobeto ezagutu, eta, zehazki, irakurketa bezalako prozesuetan sakontzeko helburuarekin.
Azterlan horietako batean lortutako datuak, bi ikasturtetan egin direnak eta txikienen irakurketa-errendimenduari buruzko ezagutza zabaltzea ahalbidetu dutenak, asteazken honetan, maiatzak 14, azaldu ziren JuniorLaben ikasturte amaierako ekitaldian, BCBLko Ikerbasqueko Marie Lallier ikertzailearen eskutik, Donostiako zentroko «Neurohezkuntza eta garapenaren nahasmenduak» taldeko burua.
«Askotan elebitasuna irakurtzen ikasteko erronka gehigarri gisa ikusten dugu, bereziki dislexia bezalako zailtasunak dituzten haurrengan. Hala ere, gure laborategietan egin izan dugun lanak kontrakoa iradokitzen du: elebidun izateak abantaila paregabeak eskain ditzake, irakurtzen ikastea zaila denean konpentsazio-mekanismoak garatzen laguntzen dutenak», azaldu zuen Lallierrek.
BCBLko adituak Karmeldarren haur zein lehen hezkuntzako 60 ikasleren ekarpena izan duen ikerketa bat aurkeztu zuen, eta ikastetxeko haurren eta Donostiako punta-puntako instalazioetatik igaro diren heldu elebidunen laguntzaz lortutako datuak aurkeztu zituen.
«Gure ikerketaren arabera, bi hizkuntza txikitatik erabiltzeak irakurketa eskuratzeko funtsezko trebetasunak indartu ditzake, baita dislexia bezalako nahasmenduen aurrean ibilbide erresilienteagoak bultzatu ere», nabarmendu zuen BCBLko ikertzaileak.
2024-2025 ikasturtearen itxiera
Arabako ikastetxeko aretoan egindako ekitaldian ikastetxeko zuzendaria den Nieves Maya eta BCBLko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras izan ziren, JuniorLab-eko 2024-2025 ikasturteari itxiera emanez.
BCBLko doktoratu ondoko Sandy Abu Adas ikertzaileak ARK proiektuan egindako lana aurkeztu zuen. Proiektu horrek Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxeko 5 eta 8 urte bitarteko 90 ikasle ingururen kolaborazioa izan du irailaz geroztik.
Esperimentuaren helburua zera izan da: haurrak atzerriko azentuetara nola egokitzen diren ikertzea, gero eta globalizatuagoa den testuinguru batean, non hitz egiteko edo hitzak sortzeko moduak aldagarriagoak diren. Tableta edo ordenagailu baten laguntza hutsarekin, ikasleek hainbat ataza eta jolas egin dituzte, hala nola atzerriko azentua duten gaztelaniazko hitzak entzutea, irudiak izendatzea edo sasi-hitzak errepikatzea.
«Proben arabera, haurrak, helduak bezala, oso azkar egokitzen dira atzerriko azentuetara, eta gaitasun horrek entzuten dutena hobeto ulertzen laguntzen die», azaldu zuen Abu El Adasek.
Azterlan honen laguntzaz, JuniorLab-ek aurrera jarraitzen du prozesu linguistikoen jabetzeari lotutako ezagutza handitzen, ikasleak beren hizkuntza ikasten ari diren funtsezko etapa honetan.
Emaitzek informazio giltzarri berria emango dute denontzako irakaskuntza-metodologia eskuragarriagoak eta inklusiboagoak garatu ahal izateko, batez ere txikitatik prozesu batzuetan zailtasunak dituztenentzat.
JuniorLab-ari buruz
BCBLren eta Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxearen arteko harremana 2011. urtean sendotu zen JuniorLab-aren sorrerari esker, hizkuntzarekin lotutako prozesu neurokognitiboen azterketa zientifikorako laborategia.
Esperientzia aitzindaria da Europan, eta hezkuntzari aplikatutako neurozientziaren aurrerapena bultzatzea du helburu. JuniorLab erreferentziazko zentro bihurtu da haurren mekanismo kognitiboak aztertzeko, eta, horretarako, azken belaunaldiko teknikekin hornitutako hainbat gela ditu, neurozientzia-azterlanak egiteko aukera ematen dutenak.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067
Nieves Maya Elcarte
Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxearen zuzendaria
945 282 942