Prentsa-oharrak: Dislexia eta irakurketaren ikerketako munduko elitea bilduko da Donostian
(Donostia, 2026ko urriaren 1a).- Nola ikasten du giza garunak irakurtzen? Zer gertatzen da prozesu hori okertzen denean? Eta nola antzematen da garaiz Euskadikoa bezalako hezkuntza-sistema elebidunetan? Horiek izango dira IWORDD (International Workshop on Reading and Developmental Dyslexia) nazioarteko kongresuaren bosgarren edizioaren galderetako batzuk. Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak urriaren 7tik 9ra egingo du nazioarteko kongresua, Donostiako Miramar jauregian.
Kongresuan neurozientzia, psikologia, osasun eta hezkuntza arloetako mundo osoko profesionalak bilduko dira, irakurketa eta dislexiaren —munduko biztanleriaren % 3 eta % 10 artean eragina duen ikaskuntza-nahasmendua— ikerketan egindako azken aurrerapenak partekatzeko xedez. Aurten, gainera, urriaren 8an ospatzen den Dislexiaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du ekitaldiak.
Lehenengo bi jardunaldiak eztabaida zientifikoari buruzkoak izango dira, ehun lan baino gehiago, lau osoko hitzaldi eta bi simposio barne. Bertan izango dira Nadine Gaab irakaslea, Harvard Eskolako Gaab Lab-eko arduraduna; Stanislas Dehaene neurozientzialari frantziarra, Collège de France-ko irakaslea; Michelle Luciano, Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea; eta Jason Yeatman, Stanfordeko Unibertsitateko irakasle elkartua. Bi sinposioen buru Osloko Unibertsitateko Monica Melby-Lervåg eta Sciences Cognitives et Psycholinguistique laborategiko Franck Ramus izango dira.
Familia eta irakasleentzako jardunaldi irekia
Urriaren 9an, ostirala, «Teoriatik praktikara» izenburupean, laborategian sortutako ezagutza esparru akademiko hutsetik plazaratuko da. Jardunaldia irakasle, familia, logopeda eta orientazioko profesionalei dago zuzenduta, eta saio guztiek aldibereko itzulpena izango dute euskarara, gaztelaniara eta ingelesera.
«Neurozientziarik aurreratuena zuzenean ikasgeletara eta gehien behar duten pertsonetara gerturatu nahi dugu», azaldu du Marie Lallier BCBLko ikertzaile eta kongresuko batzorde zientifikoko kideak. «Dislexian esku hartzen duten garun-mekanismo zehatzak ulertzeak aukera ematen digu profesional klinikoentzako detekzio goiztiarreko eta diagnostikoko protokolo hobeak eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako irakaskuntza-metodo eraginkorragoak garatzeko», gaineratu du.
Testuinguruak premia ematen dio topaketa honi. ELGAren azken PISA txosteneko datuen arabera, irakurketa-errendimenduak okerrera egin du orokorrean, eta irakurketa ebaluatzeko ohiko metodoek formakuntza luzea, prestakuntza espezializatua eta baliabide asko eskatzen dituzte; beraz, dislexia bezalako arazoak hautematea botila-lepo bihurtzen da hezkuntza-taldeentzat.
IWORDD ixteko jardunaldiak ibilbide osoa eskainiko du, oinarri neurobiologikoetatik hasi eta hainbat testuingurutako aplikazio praktikoetaraino.
Saioa Nadine Gaab-ek hasiko du, eta irakurtzeko zailtasunen baheketa goiztiarraren euskarri diren oinarri neurobiologikoak eta hainbat ingurunetan ezartzeko gomendioak azalduko ditu.
Jason Yeatman-ek ROAR aurkeztuko du, AEBetako 29 estatutako ikastetxeek dagoeneko erabiltzen duten hezkuntza-ebaluaziorako plataforma bihurtutako ikerketa-tresna, Kaliforniak eta Ohiok dislexia bahetzeko tresna unibertsal gisa onartu dutena, hain zuzen ere. Modena eta Reggio Emilia Unibertsitateko Sendy Caffarrak italierara egindako egokitzapenaren emaitzak partekatuko ditu. Cassandra Potier Watkins Frantziako INSERMeko ikertzaileak Kalulu aurkeztuko du, sarbide irekiko irakurketa irakasteko programa, Frantzian, Brasilen eta Kolonbian landa-entseguak aurrera eraman dituena.
Aldi berean, testuinguru elebidunetako irakurketa-garapenaren erronka espezifikoak aztertuko dira: Manon Jones, Bangorreko Unibertsitatekoa, CAL: ON Cymru-ri buruz arituko da, Galesen abian jarritako alfabetizazio elebiduneko ekimen nazionala; Anna López-Sala eta Catherine Clark, Sant Joan de Déu Ospitaleko Ikaskuntza Nahasmenduen Unitatekoak, katalanaren kasua azalduko dute; eta BCBLko adituek Euskadiren kasua aurkeztuko dute NeureHizkiren bidez, euskarazko irakurketa ebaluatzeko tresna aitzindaria.
Amaitzeko, Michelle Lucianok azalduko du geneek nola eragiten duten irakurketa-errendimenduaren banakako desberdintasunetan, determinismo genetikoari buruzko mitoak desmuntatuz eta dislexiako ikerketa genetikoaren hezkuntza-inplikazioak eztabaidatuz.
IWORDD kongresuaren programa osoa eta azken jardunaldian izena emateko eta bertaratzeko informazio guztia ekitaldiaren orri ofizialean dago eskuragarri.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067