(Donostian, 2025eko maiatzaren 19an).- Normala al da dos lenguas nahastea pertsona elebidunen arteko elkarrizketa batean? Garunak hitzak bezala hautematen ditu zeinuak? Aldatzen al da gure materia grisa gure hezkuntza-mailan aurrera egin ahala? Galdera horiek eta giza adimenari lotutako beste batzuk izango dira protagonista Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzaileek egingo dituzten hitzaldietan, Pint of Science ekitaldiaren edizio berrian.
Gipuzkoako hiriburuko Usandizaga kalean dagoen Bidassoa Taproom taberna neurozientziari buruzko dibulgazio gunea izango da gaurtik asteazkenera, 19:00etatik aurrera, eta bertatik BCBLko 9 ikerlari igaroko dira hitzaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzeko.
Hizkuntza eta komunikazioa (maiatzaren 19an, 19:00etan)
Pint of Science 2025eko BCBLren programaren lehen jardunaldian «Hizkuntza eta komunikazioa», Ihintza Malharinek hartuko du parte. «Kode aldaketa: mezclar bi hizkuntza, es normal?» hitzaldian, pertsona elebidun eta eleaniztunetan hizkuntza batetik bestera jotzeko joera azaltzeko dauden hipotesiak jorratuko ditu.
Irene Alonso-Bustamantek, berriz, elkarrizketa batean txanda aldaketak aurreratzeko trebetasuna haurtxoetan nola garatu eta aztertu daitekeen azalduko du.
«Txanda-jabetza beharrezko trebetasun konplexua da, beste pertsona batekin solasaldi naturala izateko. Helduok aurrea hartzeko gai gara, haurtxoek oraindik bereganatu ezin dituzten seinaleei esker. Hala ere, badira zenbait ezaugarri eta jarrera, trebetasun hori eskuratzea errazagoa egiten dietenak», azaldu du ikertzaileak.
Suhail Matarrek lehen eguneko programa osatuko du hizkuntzaren ulermenean bideratutako hitzaldiarekin, egitura linguistiko ezberdinetan eta garunak hitzen haria nola ehuntzen duen azalduz, hitzak berreraiki eta haiei esanahia emateko.
Hautematea, errealitatea eta ikaskuntza (maiatzak 20, 19:00etan)
Pint of Science ekitaldiaren bigarren txandan, Alexandra Navarrete Gonzálezek eta Isabel Olmos Pastorrek zeinu-hizkuntzan jarriko dute arreta, eta, zehazki, garunak zeinuak nola hautematen eta sailkatzen dituen azalduko dute.
Alejandro Tabas, BCBLko Ikerbasque ikertzailea, «Pertzepzio Inferentzia» taldeko burua, gure gogoak inguratzen gaituen errealitateaz dakienaz arituko da, eta nola erabiltzen dituen testuingurua eta sinesmen subjektiboak ikusmenak eta entzumenak transmititzen duten informazioaren esanahia interpretatzeko.
Jardunaldiari amaiera emateko, Soan Kim ingelesez arituko da errefortzu bidezko ikaskuntzaren inguruan eta biologian, adimen artifizialean eta giza garunean dituen ebidentzia historikoak aurkeztuko ditu. Halaber, ikaskuntza-paradigma horrek hobeto irakasten eta ohitura onak azkarrago hartzen nola lagun dezakeen hausnartzeko eztabaida piztuko du.
Hezkuntza, musika erritmoa eta kartografia mentala (maiatzak 21, 19:00etan)
BCBLk Pint of Science 2025ean izango duen parte-hartzea Iago Rego García, Tomas Lenc eta Ileana Quiñonesen parte-hartzearekin amaituko da, maiatzaren 21ean, asteazkenean.
Lehenak garunaren konektagarritasunari buruz hitz egingo du, eta hori nola neurtu eta urteen poderioz eskolan edo unibertsitatean nola aldatzen den azalduko du. Gainera, bilakaera horrek erreserba kognitiboarekin duen harremana azalduko du; adinaren ajeetara egokitzeko garunak duen gaitasunari buruz.
Bestetik, Lencek, ingelesez emango duen hitzaldi batean, garunak musika erritmoei eta soinuei zentzua nola ematen dien azalduko du, eta horietatik abiatuta gizakiak dantza hautemateko, ikasteko eta dantzatzeko duen abileziaren atzean zer dagoen zehaztuko du.
Azkenik, Quiñonesek giza garuna kartografiatzeko arteaz hitz egingo du. Ikus-entzunezko materialaren laguntzaz, ekintza hori esna dauden pazienteekin egiten diren kirurgietan nola egin daitekeen azalduko du, eta ebakuntza horiek zer ikerketa-aukera berri irekitzen dituzten ere adieraziko du.
Pint of Scienceri buruz
Pint of Science dibulgazio zientifikoko nazioarteko ekitaldi bat da, eta zientzia bakardadera hurbiltzea du helburu, publiko orokorrari zuzendutako hitzaldien bidez. Hori lortzeko, Espainiako hiri ezberdinetako ikerketa-zentro esanguratsuetako ikertzaileak gonbidatzen dira beraien lana giro lasai eta atseginean azaltzeko; tabernetan hain zuzen ere.
Ekitaldiak formatu berezia du: hiru egunez jarraian eta aldi berean egiten da hogei herrialde baino gehiagotan. Espainia, eta zehazki Donostia, beteranoa da Pint of Science ekitaldian, 2015etik jaialdian parte hartu izan baitu.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067