Prentsa-oharrak: BCBLk Arthur Samuel ikertzailearen ondare zientifikoa laudatu du
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak Arthur Samuel (New York, 1953) doktore eta irakaslearen ondarea omentzeko ekitaldia egin du. Ikertzailea erakundearen erreferenteetako bat izan da 2010ean sortu zenetik, eta, adibidez, «Hitz egindako hizkuntza» taldea lideratu eta BCBLko doktoretza zein master programak gainbegiratu ditu.
Nazioarteko hainbat adituk bi jardunalditan parte hartu dute, ahozko hizkuntzaren hautemate eta ikaskuntzari buruzko aurrerapen berriak landu eta eremu horren etorkizunari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.
«Ahozko hizkuntzak funtsezko zeregina izan du gizakiaren garapen zein bilakaeran. Gizarte asko elebidun edo eleaniztunak diren honetan, are garrantzitsuagoa da giza hizkuntzak nola funtzionatzen duen jakitea eta bigarren edo hirugarren hizkuntza bat eskuratzen laguntzeko modu hobeak edo okerragoak dauden ulertzea», nabarmendu du Psikologiako doktoreak.
Arthur Samuelen lana, batez ere, giza ahozko hizkuntzaren bidez komunikazioari eusten dioten prozesu kognitiboak, pertzepziozkoak eta arretazkoak ulertzean ardaztu da.
BCBLko «Hitz egindako hizkuntza» taldeko buru izan den bitartean, taldeak hizkuntza mota horren prozesamenduari buruzko ezagutza berriak eman ditu, eta entzuleak atzerriko azentudun hiztunen ahoskerara nola egokitzen zaizkion argitzen lagundu du, seinalearen xehetasun sotilenak lehen ezagutzen ez ziren moduan nola erabiltzen dituzten, eta hizkuntza ez-natibo batean hitz berriak edo soinuak ikasten saiatzean hitz egiteak berak ikaskuntza nola galarazi edo zaildu dezakeen azaldu du.
«Pertsonek benetan hautematen dutena ulertzea ahalbidetzen duten jokabide-teknika esperimentalen bidez, entzuten dituzten soinuak (bokalak eta kontsonanteak) agertzen diren hitzen bidez zehazten direla frogatu dugu. Hau da, hitzei buruz dugun ezagutza bokalak eta kontsonanteak hautemateko erabiltzen dugu», azaldu du Samuelek.
Gainera, entzuleek beren hizketa-soinuen kategoriak nola egokitzen dituzten ere frogatu du, entzuten ari diren edozein azentu kontuan hartzeko, doikuntzak egitea ahalbidetzen duten mekanismoei buruzko xehetasunak emanez eta horiek egiteko zenbat denbora behar den azalduz.
Bere ibilbideko beste ikerketa nabarmen batek, bigarren hizkuntza baten irakaskuntzan ondorio garrantzitsuak dituenak, frogatu du hitz berriak (edo soinu ez-natiboak) ikasten saiatzean, ozen ahoskatzeak ikaskuntza zailtzen duela, salbu eta ekoizpena pertzepziozko ikaskuntza ahalbidetzeko adina atzeratzen bada.
Erretiroa hartu ondoren, Efthymia Kapnoula doktoreak gidatuko du bere BCBL taldea, eta jarraipena emango die urte hauetan guztietan taldearen bereizgarri izan diren ikerketa-ildo zein bikaintasun zientifikoarekiko konpromisoari.
Argitalpenak eta aintzatespenak
Bere ibilbidean zehar, Arthur Samuelek 130 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu ospe handiko aldizkarietan, aintzatespen zientifiko garrantzitsuak jaso ditu eta garrantzi handiko karguak bete ditu arlo akademikoan.
New Yorkeko Estatu Unibertsitateko itzal handiko irakasle izendatu zuten eta Journal of Memory and Language aldizkari entzutetsuko erredaktore-buru gisa jardun zuen, baita Estatu Batuetako Osasun Mentaleko Institutu Nazional ospetsuko (NIMH) Pertzepzio eta Kogniziorako Berrikuspen Batzordearen buru gisa ere.
Era berean, bere irizpide aditua funtsezkoa izan da komunitate zientifiko orokorrean, diziplinaren argitalpen nagusietako kontseiluetako kide gisa etengabe parte hartu duelako. Horien artean nabarmentzen diren aldizkariak honako hauek dira: Cognition; Journal of Experimental Psychology: Human Perception and Performance; Memory and Cognition; Perception & Psychophysics; Psychological Science eta Journal of Memory and Language bera.
Ibilbide akademiko eta profesional nabarmen hori Cornell-eko Unibertsitatean hasi zen, eta 1975ean Psikologian lizentziatu zen. Handik gutxira, Kaliforniako Unibertsitatera joan zen, San Diegora, eta bertan lortu zituen 1976ko masterra eta 1979ko Psikologiako doktoretza. Bere formakuntza amaitu ondoren, doktoretza ondoko egonaldi bat egin zuen Bell Telephone laborategietan (Murray Hill) 1979 eta 1981 artean. Urte horretan bertan, Yaleko Unibertsitatean irakasle izateko jauzia egin zuen, eta irakasle laguntzaile gisa aritu zen 1987ra arte, eta, ondoren, irakasle elkartu gisa 1991ra arte.
Bere hurrengo etapak Stony Brookeko Unibertsitatera (SUNY) eraman zuen, eta han irakasle elkartu gisa hasi zen lanean, eta handik bi urtera, 1993an, Psikologiako katedradun plaza lortu zuen. Erakunde horretan bertan, itzal handiko katedradun izendatu zuten 2017an.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL zentroa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Ainhoa Arana
659 096 968