Espainiako Dislexia Federazioak (FEDIS) BCBLko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreiras 2025eko Dislexiako Sari Nazionalarekin saritu du, Zientzia eta Ikerketa arloan.
Sari honek Ikerbasque Professor den Manuel Carreirasek dislexiaren ezagutza neurozientifikoari egindako ekarpena aitortzen du. Dislexia irakurmenari eta idazmenari eragiten dion nahasmendua da, eta, sarritan, nahasmendu ikusezintzat jotzen da.
Ikerketa-lanaren eta BCBLren buru izatearen bitartez, Carreirasek psikologia esperimentala, linguistika eta neurozientzia konbinatzen dituen nazioarteko proiektuak sustatu ditu, garunak hizkuntza nola prozesatzen duen ulertzeko eta pertsona batzuek irakurtzen ikasteko adierazten dituzten zailtasun iraunkorrak zergatik ematen diren argitzeko.
Bere lanek dislexia duten pertsonen prozesamendu fonologiko, ortografiko eta bisualean dauden desberdintasunak identifikatzeko balio izan dute, neuroirudi teknika aurreratuen bidez, hala nola erresonantzia magnetiko funtzionala (fMRI), elektroentzefalografia (EEG) eta magnetoentzefalografia (MEG).
Era berean, bere ibilbidean zehar, Carreirasek aztertu du nola eragiten duten hizkuntzaren egiturak edo elebitasunak nahasmenduaren agerpenean. Horrela, zientzia jarduera hezitzaile eta klinikoarekin lotuz, ikuspegi sendo eta diziplina anitzekoaren ekarpena egitea lortu du.
Errekonozimendu honen bidez, FEDISek BCBLren lanak nazioartean duen garrantzia eta gizartean duen eragina nabarmentzen ditu, detekzio goiztiarrerako protokoloak eta hizkuntzaren esku-hartze eraginkorragoak garatzen lagundu baitu, hizkuntza-nahasmendu honekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.
Carreirasen lorpen honek ibilbide zientifiko ospetsu bat indartzen du, non beste errekonozimendu batzuk ere nabarmendu behar diren, hala nola Ikerketako Euskadi Saria (2015) eta Espainiako Ikerketa Sari Nazionala (2019), neurozientziaren eta hizkuntzaren esparruan ezagutzak aurrera egiteko egin duen ekarpena goraipatzen dutenak.
Aribideko proiektua
Gaur egun, Manuel Carreirasek CORTICAL RHYTHMS proiektua zuzentzen du. Proiektu hau Europar Batasunak finantzatzen du 2,5 milioi eurorekin, Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC Advanced Grant laguntza baten bidez.
Ekimenak garun-irudi aurreratuko eta neurofeedback-eko teknikak konbinatzen ditu garuneko biomarkatzaileak identifikatzeko. Horrek, dislexia eta antzeko nahasmenduetan zein hizkuntzen ikaskuntzaren hobekuntzan esku hartzeko programa berritzaileak diseinatzeko aukera ematen du.
Bigarren edizioarekin, Dislexiako Sari Nazionalek dislexia eta Ikasteko Zailtasun Espezifikoak (IZE) dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten jarduerak eta proiektuak goraipatzen jarraitzen dute. Sari hauek ikerketa, hezkuntza eta berrikuntza soziala bezalako esparruetako ekimenak nabarmentzen dituzte, eta aldi berean, aniztasun neurokognitiboaren sentsibilizazioa eta ikusaraztea sustatzen dute, gizarte inklusiboago eta irisgarriago bat sustatuz.