(Donostia, 2025eko irailaren 17a).- Hitz berri bat ikasteak prozesu bat dakar, non gure egunerokoan gertatzen diren faktore zuzenak parte hartzen duten, hala nola terminoa elkarrizketa batean entzutea edo liburu batean irakurtzea. Baina, loa faktore horiek bezain erabakigarria izan al daiteke?
Gai honi buruz argia egiteko, Basque Centre on Cognition, Brain and Language (BCBL) garunaren eta hizkuntzaren inguruko ikerketa-zentroak azterlan berri bat jarri du abian eta, horretarako, jatorrizko hizkuntza euskara edo gaztelania duten 18 eta 40 urte bitarteko parte-hartzaile osasuntsuak behar ditu.
Parte-hartzaileek ordaindutako proba errazak egingo dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Donostiako Campuseko Joxe Mari Korta Zentroan dagoen BCBLko laborategian, hitzak entzuteaz edo ikusteaz gain, lo egiteko prozesuak hiztegi berria eskuratzeko orduan eragin handia duen jakiteko helburuarekin.
«Garunak ez du atsedenik hartzen. Hainbat ikerketen arabera, hipokanpoak, lo gauden bitartean, egunean zehar eskuratu dugun informazio berria — irudiak edo soinuak, adibidez— berraktibatzen du eta gure oroimenean integratzen laguntzen du. Bestalde, aurretiazko azterlanen emaitzek hitzak denboraren poderioz hobeto integratzen direla frogatu dute», azaldu du Efthymia Kapnoulak, BCBLko Hitz Egindako Hizkuntza taldeko Ikerbasque ikertzaileak.
Loa neurtzeko eskumuturrekoa
Esperimentu-sorta horretan, boluntarioak hitz berriekin arituko dira, euren hiztegi mentalean zein neurritan integratzen diren jakiteko, eta hitz horiek entzuteak, ikusteak edo horien esanahia jakiteak hiztegia sendotzen gehiago laguntzen duen argitzeko xedearekin.
«Hitz bat ikasten dugunean, gure garunak hiztegi mentala deritzogun sare batean integratzen du, neokortexaren materia grisean banatutako hainbat aldek sostengatzen dutena. Eskualde horiek kolektiboki biltegiratzen eta prozesatzen dute hizkuntza ulertu eta erabiltzeko aukera ematen digun informazio fonologikoa, ortografikoa eta semantikoa», zehaztu du Kapnoulak.
Kasu batzuetan, BCBLko taldeak eskumuturreko elektroniko batekin kontrolatuko ditu parte-hartzaileen loaldiaren iraupen, kalitate eta etapak, egun ezberdinetan zehar, hizkuntzak ikasten lagunduko duten iragarleak aurkitzeko helburuz.
BCBLko adituaren arabera, emaitzak balio handikoak izango dira hezkuntzarako, eta irakaskuntza-estrategia eraginkorrenetarako oinarriak ezarriko dituzte, «hitz berriak ikasteko baldintzarik onuragarrienak zehazten lagunduko baitute».
Gainera, ikerketaren datuek azterlan berriak garatzea ahalbidetuko dute, loaren zeregin hori beste adin-tarte batzuetan edo defizit zein nahasmendu neurologikoak (afasia, esaterako) dituzten pertsonengan ikertu ahal izateko.
Ikerlana gogamenaren irudikapen lexikoen plastikotasunari buruzko proiektu zabalago baten parte da, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Unibertsitate Ministerioak finantzatuta, AEBetako Purdue Unibertsitatearen eta Alemaniako Saarland Unibertsitatearen lankidetzarekin.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067