Prentsa-oharrak: Ikasteko borondatea funtsezkoa da hiztegi berriaren «hezurdura ortografikoa» eraikitzeko
(Donostia, 2026ko irailaren 23a).- Termino bat lehen aldiz entzuten dugunean, garunak bere idazkera irudikatzeko joera du, «hezurdura ortografiko» gisa ezagutzen den aurretiazko irudikapen mentala sortuz. Orain arte, aurreko ikerketek iradokitzen zuten hitz bolumen handiagoaren eraginpean zeuden haurrek automatikoki eraikitzen zituztela irudikapen horiek, ikaskuntzan abantaila lortuz.
Hala ere, Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroaren ikerketa-lan berri batek, zeinaren emaitzak Psychonomic Bulletin & Review agerkarian argitaratu diren, premisa hori argitzen du.
Azterlanak erakusten du «hezurdura ortografikoak» sortzeko beharrezkoa dela ikasteko borondatea izatea, baztertu egiten du prozesu automatikoa izatea eta bide berriak irekitzen ditu irakaskuntza-estrategiak hobetzeko.
Online esperimentua
Prozesu kognitibo horren automatismo-maila egiaztatzeko, BCBLko ikerketa-taldeak jokabide-esperimentu bat diseinatu zuen linean gaztelaniadun 18 eta 35 urte bitarteko gazte osasuntsuekin. Parte hartzaileek ortografia bakarrekin («dalu») edota anbiguoekin («bamu» edo «vamu») asmatutako hitzak entzun zituzten, idatzita ikusi gabe. Lagina estrategikoki bi taldetan banatu zen: batek bazekien zeregin hori egitean terminoak ikasi behar zituela, hau da, «ikaskuntza esplizitua»; eta besteak, hitz berriak ikasteko adierazi ez zitzaiona, «ikaskuntza inplizitua»-ren bitartez. Beraz, bi taldeek arreta jarri behar zieten hitzei, baina talde batek ikasi egin behar zituen, eta besteak arreta ipini besterik ez.
Ondorengo irakurketa erreakzio denborak aztertuz, taldeak garuneko espektatibak arakatu zituen, eta baieztatu zuen lehen taldeak bakarrik lortu zuela entzumen fasean aztarna ortografiko horiek sortzea.
Fenomeno hori bi ikaskuntza-bide esplizituak eta inplizituak zuzenean konparatuz aztertzen duen lehen ikerketa zientifikoa da, eta Clara Martin unibertsitate-irakasle eta doktoreak eta Efthymia Kapnoula doktorearen zuzendaritzapean egindako Mina Jevtoviären doktoretza-proiektuaren emaitza da.
«Aurkikuntza horiek funtsezko aurrerapena dira giza garunak hiztegi berria nola eskuratzen duen ulertzeko. Irudikapen ortografiko horiek zer baldintzapean sortzen ditugun jakiteak irakaskuntza-estrategiak diseinatzeko eta optimizatzeko aukera eman dezake. Horrela, haurrei askoz ere modu eraginkorragoan lagun geniezaieke irakurtzeko eta idazteko trebetasunak garatzen», azaldu du Efthymia Kapnoulak.
Sarbide libreko datu horietatik abiatuta, ikerketak azterlan berriei atea irekitzen die. Adibidez, BCBLren hurrengo helburua zera aztertzea izango da: ea loan oinarritutako finkatzeak irudikapen mental horiek eraikitzen laguntzen duen, baita hitz berriarekin hasierako kontaktua guztiz inplizitua izan denean ere.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL zentroa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067