Itzuli Prentsa-oharrak: Hitzak «mihi puntan»? BCBL zure bila dabil!

2023/10/5
  • Donostiako ikerketa-zentroa 18 eta 40 urte bitarteko eskuinen bila dabil fenomeno hori eta haren garun-oinarriak aztertzeko xedez
  • Boluntarioek aurpegi ospetsu edo leku historikoen inguruko ariketak egin beharko dituzte oroimena proban jartzeko, bai erresonantzia magnetiko, bai ordenagailu bidezko saioetan
  • Ikerketaren helburua ohikoak diren hitzak berreskuratzeko akatsekin—afasia edo alzheimerra duten pertsonengan ere maiz ikusten direnak— loturiko prozesu eta mekanismo kognitiboak aztertzea da

(Donostia, 2023ko urriaren 5a).- Nork ez du inoiz sentitu hitzen bat «mihiaren puntan» izatearen sentsazioa? Esaterako, aurreko udan bisitatutako herria, festa hartan entzundako abestiaren izenburua edo laser ezpatak eta espazio-ontziak agertzen ziren pelikulako aktore-protagonistaren izena gogoratzen saiatzean: «Nola zuen izena? Mihiaren puntan daukat!».

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroaren proiektu berria guregan hain ohikoa den fenomeno horretan ardaztuko da. Datozen hiru urteetan, azterlanak efektu horren azpiko garun-sareak edo eskualdeak aurkitzea izango du helburu, hitzak berreskuratzerakoan arrakasta izan edo huts egitearen eragile izan litezkeenak.

Horretarako, BCBL honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonen bila dabil: 18 eta 40 urte bitartean izatea, Donostiako instalazioetara hurbildu ahal izatea eta, zenbait ariketen ezaugarriak direla eta, Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea edo bertan bost urte baino gehiagoz bizi izana.

Ikertzaileek boluntarioen memoria-gaitasuna proban jarriko dute, bai ordenagailu, bai erresonantzia magnetiko bidezko saioetan. Bertan, estimulu ezberdinak ikusiko dituzte, adibidez, pertsona ospetsuen eta ez hain ospetsuen aurpegiez edota leku historikoez osaturikoak.

«Lau saio dira guztira, eta, besteak beste, Penelope Cruzen aurpegia edo Eiffel dorrea erakutsiko dizkiegu, eta irudi bakoitza euren hiztegi mentalean murgilduz identifikatu beharko dute», azaldu du BCBLko ikertzaile den James Barryk.

Helburua, batetik, mihi puntaren efektu horretan zein faktorek laguntzen duten eta zenbaterainoko eragina duten argitzea da eta, bestetik, hitzak bilatzean egiten ditugun akatsen azpian zer prozesu kognitibo eta zerebral dauden aztertzea.

Gainera, parte-hartzaileek eskuinak izan beharko dute erresonantzian ezohiko emaitzak saihesteko; izan ere, zentroko adituek azaldu dutenez, ezkerti gehiagok dute aldatuta hizkuntzaren burmuin-sarea.

Aztertzeke dagoen fenomenoa

Neurri handi batean, BCBLren ikerketa-lanaren erronka nagusia da mihi puntako esperientzia fenomeno ezezaguna dela.

«Orain arte, erresonantzia magnetikoko zazpi azterketa baino ez dira egin, efektu hori eta haren garun-oinarriak aztertu dituztenak; baina guztiek oroimen semantikoa hartu zuten ardatz, ezagutza orokorrei eta ahazteko zailagoak diren gertaerei loturikoa. Guk, ordea, lehen aldiz aztertuko dugu oroimen episodikoarekin duen elkarreragina ere, iraganeko gertakizunen eta bizipenen oroitzapenekin —hala nola, iraganeko oporrekin— loturikoa», nabarmendu du Barryk.

Ikuspegien uztartze horrek efektu hori bultzatzen duten garun-mekanismoak argitu eta hiztegiaren berreskuratze arrakastatsu edota akastuna zehazten duten prozesu kognitiboak ulertzeko bide bakarra aurkitzea izango du helburu.

Aurkikuntzek arazo horiek arintzeko estrategia eraginkorragoak diseinatzen lagun dezakete hitz edota izenak gogoratzeko zailtasunekin lotutako nahasmendu zein gaixotasunak dituzten pertsonengan, hala nola afasia edo alzheimerraren lehen etapetan daudenengan.

«Gure susmoen arabera, efektuaren arrazoia hizkuntza espezifikoa eta oroimenarekin lotutako eskualdeen arteko konektibitatearen deskonexioa izan liteke», ondorioztatu du Kepa Paz-Alonsok, ikerketaren buru den BCBLko ikertzaileak.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren laguntza —BERC 2022-2025 programaren baitan— eta Espainiako Ikerketa Agentziaren finantzazioa jaso ditu, BCBL «Severo Ochoa» bikaintasun-akreditazioaren bidez.

Parte hartzeko eta Miramongo Parke Teknologikoko (Donostia, Gipuzkoa) BCBLko instalazioetara joateko prest izanez gero, interesdunek puntalengua@bcbl.eu helbide elektronikora bidal ditzakete euren datuak (izena eta telefono zenbakia), BCBLko ikertzaileak harremanetan jar daitezen.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta la Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067