Prentsa-oharrak: Garunak zeinuak hitzak bezala ‘sintonizatzen’ ditu, baina frekuentzia desberdin batean
(Donostia, 2025eko abenduaren 16a).- Norbait hitz egiten entzuten dugunean, gure garuna sinkronizatu egiten da solaskidearen ahotsaren erritmoarekin, mezua ulertu ahal izateko. Orain, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) euskal zentroa buru duen ikerketa berri batek aurkitu du cortical tracking izenez ezagutzen den mekanismo hau ez dela entzumenera soilik mugatzen: garuna zeinu-hizkuntzaren mugimenduekin ere bisualki “sintonizatzen” da, nahiz eta frekuentzia desberdin batean egiten duen.
Ikerketa Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) prestigiodun aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta giza garunak hizkuntza prozesatzeko mekanismo unibertsalak erabiltzen dituela adierazten duen ebidentzia sendoa frogatu du, informazioa entzumen-kanaletik (hizketatik) edo ikusmen-kanaletik (zeinuetatik) iristen den ardura izan gabe.
“Gure emaitzek berresten dute garunaren eta hizkuntzaren arteko sinkronizazioa hizkuntza-prozesamenduaren funtsezko ezaugarria dela, eta entzumen-eremutik haratago doala”, azaldu du Chiara Rivolta BCBLko ikerlari eta artikuluaren egile nagusiak.
Lan hau burutzeko, ikusmen-seinalearen konplexutasuna neurtzeko erronkari heldu zion ikerketa taldeak. Hizketan ez bezala, non erritmoa silabek markatzen duten, zeinu-hizkuntzak informazioa transmititzen du eskuen, gorputz-enborraren eta buruaren aldi bereko mugimenduaren bidez.
Garunaren jarduera erregistratzeko mugimendua atzemateko sistemak (bideojokoetan eta zineman erabiltzen direnen antzekoak) eta Magnetoentzefalografia (MEG) erabiliz, taldeak bi entzule-talde konparatu zituen: bata, Espainiako Zeinu Hizkuntzan (LSE) adituak ziren pertsonez osatua, eta, bestea, hizkuntza hori ezagutzen ez zutenez osatua.
Emaitzek ezaugarri bereizgarri bat erakutsi zuten ahozko hizkerarekin alderatuta. Hizketan, garuna erritmo azkarretan sinkronizatzen da; zeinu-hizkuntzan, berriz, jarduera neuronala frekuentzia motelago batera lotzen da, delta banda (0,5–2,5 Hz) bezala ezagutzen dena.
Aurkikuntza hori irudikatzeko, garuna irrati gisa irudikatzea proposatzen du egileak. “Ahozko hizkuntzarentzat, sintonizadoreak erritmo azkarrak bilatzen ditu. Zeinu-hizkuntzarako, alabaina, garunak sintonizadore motelago bat erabiltzen du, gorputzaren mugimenduen erritmo zabalagoetan blokeatzen dena”, zehaztu du Chiara Rivoltak.
Esperientziaren eginkizuna eta eskuin hemisferioa
BCBLren ikerketak erakutsi du, halaber, garunaren sintonizazio-gaitasun hori ez dela automatikoa, baizik eta hizkuntzaren ezagutzarekin eta esperientziarekin modulatzen dela.
“Parte-hartzaileek LSE-n (aditu taldeak ezagutzen zuena) eta Errusiar Zeinu Hizkuntzan (pertsona guztientzat ezezaguna) zeuden bideoak ikusi zituzten. Zeinatzen zekitenengan, sinkronizazioa askoz indartsuagoa eta zehatzagoa zen informazio linguistikoa transmititzen duten mugimenduekin”, zehaztu du Rivoltak.
Gainera, LSEren ezagutza zuten pertsonek sinkronizazio sendoagoa erakutsi zuten eskuineko kortex tenporalean. Adituaren arabera, horrek iradokitzen du, zeinu-hizkuntza ikastean, garunak eskuineko hemisferioko eremuak biltzen dituela, informazio espaziala prozesatzeaz arduratzen direnak, mezu-linguistikoa deszifratzeko.
Aurkikuntza hau bereziki garrantzitsua da, tradizioz hizkuntza ia esklusiboki ezkerreko hemisferioarekin lotu izan baita. Hala ere, lan honek adierazten du zeinu-hizkuntzaren izaera bisual eta espazialak garunak informazioa nola prozesatzen duen moldatzen duela, hizkuntza-sarea eremu berrietara zabalduz.
La Caixa Fundazioak, Europar Batasuneko Horizon 2020 programak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa, eta, neurozientzia kognitiboaren arloan aurrerapausoa izateaz gain, zeinu-hizkuntzak ulertzeko beste dimentsio bat ere badakar.
Egileen arabera —horien artean Mikel Lizarazu, Brendan Costello eta Manuel Carreiras—, zeinu-hizkuntzak aukera paregabea eta naturala eskaintzen du ikertzeko zein mekanismo kognitibo diren unibertsalak gizaki ororentzat, eta zein dauden zentzumen-modalitatearen mende.
“Gure lanak balio zientifiko eta soziala ematen die hizkuntza gutxitu hauei, eta erakusten du ahozko hizkuntzen maila berean neurona-prozesu konplexuak partekatzen dituztela”, ondorioztatu du ikertzaileak.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
unai@guk.eus
690 212 067