Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk hizkuntza nahasmenduei zuzendutako musika bidezko terapiaren aukerak aztertzen ditu

2022/3/10

 

  • Donostiako ikerkuntza zentroak ikerketa berria sortu du musika prestakuntza dutenen eta heziketa hori jaso ez dutenen artean jarduera neuronalean alderik dagoenetz deskubritzeko
  • Ikerlana lagungarria izan liteke dislexia edo toteltasuna bezalako hizkuntza nahasmenduak edo neuroendekapenezko prozesuak pairatzen dituzten pertsonei zuzenduriko terapiak sortzeko
  • BCBL eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak elkarlanean garaturiko proiektua dugu

(Donostian, 2022ko Martxoak 10a).- Egunerokotasunean egiten dugun hain ekintza naturala izanik, ez gara konturatzen elkarrizketa baten atzean konplexutasun maila handiko burmuin prozesua dagoela. Norbaitekin hitz egiten dugun aldiro, hizketan parte hartzen duten garuneko area eta hitzek igortzen dituzten seinale akustikoko uhinak sinkronizatzen dira. Burmuin eta soinu-uhinen arteko sinkronizazioak mezuak zuzen deskodifikatzea ahalbidetzen du. Hortaz, sinkronizazioa eteten den unean, arreta eza ekar dezakeen deskonexioa sortzen da edota, batzuetan, hizkuntza nahasmenduak ere egon daitezke.

Ikerketa zientifikoko alor honetan burutu diren zenbait ikerlanek garbi erakutsi dute prestakuntza musikalak garunak inguruan hautematen dituen soinuekin sinkronizatzeko duen gaitasunean eragin positiboa duela. Baliteke, sinkronizazio erritmiko zein akustiko honi esker, gaitasun linguistikoek hobera egitea.

Testuinguru honen barruan, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak «Musikak garuneko erritmoetan dituen onurak» izeneko proiektua abian jarri du. Ekimen honen xedea zera da: musika prestakuntza duten pertsonen aktibitate neuronalaren eta jarduera hori izan ez dutenen aktibitatearen artean soinu edo hitzak entzutean ezberdintasun esanguratsurik dagoenetz argitzea.

Ikerketa Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian  2021eko azaroan sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondorio dugu eta bere ardatza entitateko. musikan adituak diren. hainbat irakasleren gaitasun kognitiboa ezagutzea da, horretarako soinu-estimulu ezberdinen aurrean duten erantzuna aztertuz. Hemendik erdietsitako informazioa gerora esperientzia musikalik gabeko pertsonek osatuko duten kontrol taldearekin alderatuko da.

«Musikenerekin batera, musika eta hizketaren arteko konexioa esploratzearen bila gabiltza, haurren ikasketa prozesuetan edo dislexia bezalako hizkuntza nahasmendu ebolutiboetan esperientzia musikalak aplikatzearen onurak balioztatu ahal izateko», azaldu du Nicola Molinarok, proiektuaren arduraduna den BCBLko ikerlaria.

Ikerlan honen emaitzen ondorioz, musika nahasmendu linguistikoak dituzten pertsonei zuzenduriko esku-hartze estrategiak aplikatzeko tresna bezala erabiltzeko bide berriak ireki daitezke.

Musikeneko irakasle parte-hartzaileek Donostiako ikerkuntza zentroan bi magnetoentzefalografia saio, jokabide-probak eta erresonantzia bidezko probak burutuko dituzte, baita online egin beharreko bi galdetegi ere. Azken hauekin, BCBLk partaide bakoitzaren ezaugarri gehiago jakin ahal izango ditu.

«Proba hauen bitartez, musikan iaioak diren pertsonek egunerokotasunean ohikoak diren erritmo eta soinu-estimuluak nola hautematen dituzten neurtuko dugu, haien garunak estimulu bakoitza nola deskodifikatzen duen ikusi ahal izateko. Halaber, jasoko dituzten estimuluak aurresateko duten gaitasuna, hondo-zarata estimulutik bereizteko trebetasuna eta hizketa entzuten ari diren soinuarekin sinkronizatzeko duten ahalmena ikertuko ditugu», gehitu du Molinarok.

Ikasketa musikala eta hizkuntza-gaitasunarekin loturiko garuneko areen artean harremanik ba ote dagoen ebaluatzeko estrategia esperimental berritzaile hau eredu konputazionalen laguntzaz ere baliatuko da.

«Erabateko analisia dakarren proiektu aitzindari honek komunitate zientifikoari zein musikalari ekarpen itzela egin diezaieke, musika tresna bat jotzen ikastearen onuren balioa nabarmentzen lagunduz.  Musika gakoa izan liteke zailtasun linguistikoak dituzten pertsona zaurgarrien adimena irekitzeko, hizkuntzaren nahasmendu ebolutiboen (dislexia edo totelkeria kasu) ondoriozko edo gaitasun hauen neuroendekapenaren ondoriozko zailtasunen kasuan», esaten bukatu du BCBLko ikertzaileak.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketazentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzarenlaguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Marta Berard

606 143 250

marta@guk.es