Itzuli Prentsa-oharrak: BCBLk garunaren eta kontzientziaren misterioak ezagutaraziko ditu Pint of Science 2026an

2026/5/18
  • Ikerketa-zentroko ikertzaileek hitzaldi batzuk emango dituzte maiatzaren 18tik 20ra, 19:00etan, Le Bukowski tabernan, publiko guztientzat.
  • Besteak beste, gai hauek landuko dira: hitzik gabeko komunikazioa, garunaren iragartzeko gaitasuna eta loak ikaskuntzan eta osasun mentalean duen garrantzia.

(Donostian, 2026ko maiatzaren 18an).- Neurozientzian espezializatutako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak parte-hartze nabarmena du, beste behin ere, Pint of Science ekimenean. Maiatzaren 18tik (astelehena) maiatzaren 20ra (asteazkena) bitartean egingo da Donostiako hainbat tabernatan.

BCBLko ikertzaileek hizkuntzarekin, garunarekin eta kontzientziarekin lotutako gaiak landuko dituzte 9 hitzalditan. Jarduera guztiak Le Bukowskin egingo dira, Egia kaleko 18. zenbakian dagoen tabernan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Hitzetatik haratago komunikatzea (maiatzaren 18an, 19:00etan)

BCBLk hitzetatik haratago doazen komunikazio-moduei eskainiko die Pint of Science 2026ko lehen jardunaldia. Gaztelaniazko hiru saio eskainiko dira, eta aldibereko itzulpena izango dute Espainiar Zeinu-hizkuntzan (LSE).

Kirill Aksenovek zeinu-hizkuntzek denboran zehar nola eboluzionatzen duten eta nola aldatzen diren azalduko du; Marco Antonio Flores Coronadok zentzumenen, gorputzaren eta hizkuntzaren arteko harremana aztertuko du; eta Antje Walterrek begiek eta ikusmenak hitzik gabeko komunikazioan duten eginkizunean sakonduko du.

Garunak nola entzuten eta iragartzen duen, eta nola erratzen den (maiatzaren 19an, 19:00etan)

Pint of Sciencen bigarren egunean, giza garunaren misterio batzuk argituko dira Noemi Bonfiglio, Ana Bautista eta Brian Wongen eskutik. Azken honen hitzaldia ingelesez izango da.

Zergatik da baliagarria garunarentzat bere erritmoak entzuten ari den hizketaren erritmoekin sinkronizatzea? Nola aurreikusi ditzake hitzak oharkabean? Zergatik entzuten dituzte pertsona batzuek modu desberdinean azentu batzuk? Horiek izango dira BCBLko hiru ikertzaileen hitzaldiei forma emango dieten gaietako batzuk.

Pentsatu, sentitu eta atseden hartu (maiatzaren 20an, 19:00etan)

Zientzia eta tabernak batzen dituen ekimenaren azken egunean, Donostiako zentroak kontzientziarekin lotutako hiru hitzaldi emango ditu.

Horietako bi ingelesez izango dira: Francisca Campos Matiasek gizakiok gauzak epaitzeko eta erabakiak hartzeko dugun trebezia eta segurtasuna azalduko ditu eta sentimendu hori haurtzaroan, ikaskuntzan edo lanpostuan beste pertsona batzuekin partekatzean nola aldatzen den adieraziko du; eta Nirmitee Nitin Mulayk kontzientzia nola aztertzen den eta zer den azaltzen saiatzen diren hainbat teoria landuko ditu.

Daniel Baena Pérezek emango dio amaiera BCBLren Pint of Science 2026ko programari, eta loak ikaskuntzan eta osasun mentalean duen garrantziari buruzko hitzaldia emango du gaztelaniaz.

Pint of Scienceri buruz

Pint of Science dibulgazio zientifikoko nazioarteko ekitaldi bat da, eta hiru egunez jarraian eta aldi berean egiten da hogei herrialde baino gehiagotan. Espainia, eta zehazki Donostia, beteranoa da Pint of Science ekitaldian, 2015etik jaialdian parte hartu izan baitu.

Sobre BCBL

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) kide ditu.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067