Itzuli Aktualitatea: Donostiak nazioarteko adituak bilduko ditu ohartu gabe nola ikasten dugun aztertzeko

2026/6/8
  • BCBL ikerketa zentroak Statistical Learning konferentzia zientifikoaren seigarren edizioa antolatu du, ekainaren 10etik 12ra, Miramar Jauregian.
  • 200 profesional inguruk ikaskuntza estatistikoarekin lotutako ebidentziei eta ikerketa berriei buruz eta horiek hizkuntzan, musikan edo ikusmenean dituzten aplikazioei buruz eztabaidatuko dute.

 

(Donostian, 2026ko ekainaren 9an).- Nola lortzen dute haurtxoek hain azkar hitz egiten ikastea? Nola barneratzen ditugu musikaren arauak, konturatu gabe? Erantzuna ikaskuntza estatistikoan datza, gizakiok inguruan ditugun patroiak eta erregulartasunak inkontzienteki hautemateko eta haiei buruz ikasteko dugun ahalmena.

Arlo honen ikerketaren azken aurrerapenak lantzeko, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak Statistical Learning nazioarteko kongresu zientifikoaren seigarren edizioa antolatu du ekainaren 10etik 12ra. Topaketa Donostiako Miramar Jauregian egingo da, eta mundu osoko 200 profesional inguru bilduko ditu.

Hiru jardunalditan, unibertsitate eta ospe handiko zentroetako adituek emaitza berrienak partekatuko dituzte ikaskuntza estatistikoa hizkuntza, musika, ikusmena edo entzumena bezalako esparru anitzetan nola aplikatzen den eta garapen kognitiboa eta hezkuntza ulertzeko moduan duen eragin zuzena aztertuz.

"Ikaskuntza estatistikoa giza kognizioaren funtsezko mekanismoa da. Jaiotzen garenetik gure ingurunetik patroiak nola ateratzen ditugun ulertzea funtsezkoa da, ez bakarrik garunaren funtzionamendua argitzeko, baita hezkuntza-metodo hobeak garatzeko edo ikaskuntzaren zenbait zailtasun ulertzeko ere", azpimarratu du Manuel Carreirasek, BCBLko zuzendariak eta batzorde antolatzaile eta zientifikoko liderrak, Ram Frost ikertzaile afiliatuarekin batera.

Ekitaldiak lehen mailako adituen ikerketa eta ponentzia magistralez osatutako egitaraua aurkezten du. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Jenny Saffran doktorea (Wisconsingo Unibertsitatea, AEB): lehenengo jardunaldian, hizkuntzaren ikaskuntza estatistikoak azken hiru hamarkadetan izan duen bilakaeraz arituko da, haurtxoen hizkuntza-jabetzeari erreparatuz.
  • Pierre-Yves Oudeyer doktorea (Inria, Francia): bigarren egunean, haurren ikaskuntzan jakin-minak duen funtsezko zeregina azalduko du, eta jakin-min hori sustatu eta entrenatzeko esku-hartzeak ikasgeletara eramaten dituzten proiektu errealen emaitzak erakutsiko ditu.
  • Nora Newcombe doktorea (Templeko Unibertsitatea, AEB): azken eguneko hitzaldi nagusiaz arduratuko da, eta garapen kognitiboaren erronka handian sakonduko du, jaioberriek ikaskuntzari zein berezko trebetasun ematen dioten eta biologiak nerabezarora arte ingurunearekin nola interakzionatzen duen.

Saio tematikoak

Gainera, Statistical Learning ekitaldiak saio tematikoak ere izango ditu, besteak beste, konputazioari, hizkuntzari edo ikasteko mekanismoei buruzkoak, eta ondorengo adituen hitzaldiak ere izango ditu:

  • Inbal Arnon (Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearra): bilakaera kulturalak gizakietan zein xibarta baleetan hizkuntzaren antzeko egiturak nola sortzen dituen aztertuko du.
  • Marc Joanisse (Western Ontarioko Unibertsitatea): hizkuntzaren ikaskuntza estatistikoaren gaitasunak eztabaidatuko ditu.
  • Patrick Rebuschat (Lancasterreko Unibertsitatea): egoera gurutzatuen ikaskuntzaren paradigmarekin lotutako 20 urteko ikerketa-lanaren emaitza aurkeztuko du.
  • Marco Marelli (Milano-Bicocca Unibertsitatea): helduek hitz berriak nola ulertzen dituzten aztertuko du, formaren eta esanahiaren arteko loturetan oinarrituta.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067