Aktualitatea: BCBLk talentu ikertzailea erakartzen du “la Caixa” Fundazioaren bidez
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak talentu ikertzailea erakartzen jarraitzen du, hizkuntzari aplikatutako neurozientzian garatu nahi duena. “La Caixa” Fundazioaren INPhINIT programaren azken deialdiko 60 ikertzaileetako bik Donostiako erakundean egingo dute doktoretza-proiektua.
Alde batetik, Iria Nieto Rebollo bizkaitarrak, “Retaining” laguntza bati esker, “Arreta, Kontrol Kognitiboa eta Afektua” taldean ikertuko du nola pairatzen dugun gatazka kognitiboa, aldi berean hainbat irudikapen bateraezin sortzen direnean gertatzen den fenomenoa.
“Nire helburua da ulertzea nola egiten dugun balorazio afektiboa eta horrek nola elkarreragin dezakeen beste prozesu kognitibo batzuekin, hala nola ikaskuntzarekin. Horrek hezkuntza-tresna eta tresna terapeutiko eraginkorragoak diseinatzen lagun lezake”, nabarmendu du Iria Nieto Rebollok.
2024an Logopedian graduatu zen Salamancako Pontifize-Unibertsitatean, Lorpen Akademiko Bereziaren Sariarekin, eta 2025ean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) BCBLrekin lankidetzan eskaintzen duen Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboko masterra lortu zuen.
Bestalde, Pan Zhang ikertzaile txinatarrak, “Incoming” laguntza bati esker, “Inferentzia Pertzeptuala” taldean aztertuko du garunak nola aurreikusten duen gure eguneroko elkarrizketetan entzungo duguna; horretarako, neurozientzia eta adimen artifiziala uztartuko ditu, funtsezko giza trebetasun bat hobeto ulertzeko: komunikazioa.
“Neuroirudi metodo zein tresnen bidez, eta AAren laguntzarekin, entzumenaz arduratzen diren garuneko egiturek ahozko ulermena azkar eta eraginkor nola bihurtzen duten aztertuko dut. Ikerketa honen garrantzia da nola iragarpenak elkarrizketak arintasunez jarraitzen laguntzen digun, baita egoera zaratatsu edo konplexuetan ere, eta dislexia eta eskizofrenia bezalako egoera klinikoetan erabil litekeen”, azaldu du Pan Zhangek.
INPhINIT programako laguntzei esker, 4 urtean doktoretza-proiektuak aurrera eraman daitezke Espainiako eta Portugalgo unibertsitate eta ikerketa-zentroetan. Deialdi bakoitzean 60 beka eskaintzen dira, talentua atxikitu eta erakartzeko helburu bikoitzarekin, herrialde horietan ikerketaren bikaintasuna bultzatzeko.
Bi beka-mota daude: “Retaining”, 12 hilabete baino gehiago Espainian edo Portugalen bizi izan diren eta herrialde horietan ikertzen jarraitu nahi duten ikertzaileentzat; eta “Incoming”, beren lana Espainiako bikaintasun-zentroetan —Severo Ochoa edo María de Maeztu bezalako zentro akreditatuetan, edo Carlos III.a Osasun Institutuetan— edo LPk bikain gisa kalifikatutako unitate portugaldarretan egin nahi duten edozein nazionalitatetako ikertzaile gazteentzat.
Bi kide berri horiekin, BCBLk 8 INPhINIT ikertzaile ditu zentroan doktoretza egiten.