Itzuli Prentsa-oharrak: Cambridgeko Unibertsitatea, CNRS eta BCBL lankidetzan ari dira hizkuntzaren nahasmenduak detektatzeko eskola-adinera iritsi aurretik

2026/3/5
  • Euskara da Europako Ikerketa Kontseiluak 2,5 milioi eurorekin finantzatutako proiektu baten oinarrizko lau hizkuntzetako bat.
  • Usha Goswami britainiar akademiako ikertzailea da ikerketaren burua, eta 2 eta 8 urte bitarteko 1000 haur baino gehiagoren hizketa aztertuko du, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
  • Euskal zentroko laborategiak funtsezkoak izango dira datuak biltzeko: 400 bat lagunek egingo dituzte probak BCBLn.

 

(Donostia, 2026ko martxoaren 5a).- Dislexia edo Hizkuntza-Garapeneko Nahasmendua (HGN) haur batek irakurtzen ikasi edota eskolara joaten hasi aurretik identifikatzea da logopedia zein neurozientziaren egungo erronka nagusia.

Cambridgeko Unibertsitateko Usha Goswami ikertzaile ospetsua buru duen nazioarteko proiektu berri batek arlo hori goitik behera aldatu nahi du Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) euskal ikerketa zentroaren lankidetza estrategikoari esker.

Ekimena Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatzen du, Goswami doktoreak jaso zuen 2,5 milioi euroko ERC Advanced Grant dirulaguntza baten bidez.

Ikerketa honetan, Espainia, Frantzia eta Erresuma Batuko 2 eta 8 urte bitarteko 1000 haur baino gehiago aztertu eta alderatuko dira, erritmo oso ezberdineko lau hizkuntza hitz egiten dituztenak: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Helburua zailtasun erritmikoak orokorrak diren egiaztatzea da, ikasten den hizkuntza edozein dela ere.

Bere xedea ulertzeko, Goswami doktoreak hizketa «orkestra bat bezalakoa» dela irudikatzera gonbidatzen du: «Hitz batek soinu egokia izan dezan, instrumentuak (soinuak) zuzenak izateaz gain, erritmoa eta intentsitatea (metrika) ere zehatzak izan behar dira».

Ingelesean oinarritutako aurreko ikerketetan, Goswami doktoreak dislexia duten haurrek silaben sinkronizazioaren ezaugarriak hautemateko arazoak dituztela aurkitu zuen (musikari bat erritmoz kanpoko nota batzuk jotzen ariko balitz bezala), eta HGN duten haurrek, berriz, zailtasunak dituztela bai hizketaren erritmoarekin, bai intonazioa edo «melodiarekin» (ahotsaren tonua).

Ikerketa zeregin erraz eta ludiko batean datza: haurrek irudi bat ikusten dute ordenagailuan (Aladdin pertsonaia edo dinosauro bat, adibidez), hitza entzun eta errepikatu egiten dute. Sistema batek bere ahotsa grabatzen du, eta, ahotsa aztertzeko software espezializatu baten eta adimen artifizialaren (AA) bidez, ahozko errepikapenaren zehaztasuna eta eredu erritmikoak ebaluatzen dira, etorkizunean nahasmenduak aurreikusten lagunduko duten seinale ikusezinak detektatzeko helburuz.

«Gure erronka nagusia identifikazio goiztiarra da, eta horrek laguntza askoz lehenago eskaintzea ahalbidetzen du. Gure proiektua 2 urterekin hastean, hizketaren ekoizpenean desberdintasun sotilak identifikatzea espero dugu, eskolatzea baino askoz lehenago arriskuan egon litezkeen haurrak hautemateko», azaldu du Usha Goswamik.

 

BCBLren ekarpena

Donostiako zentroak ikerketaren funtsezko zati bat gidatuko du. Marie Lallier eta Marina Kalashnikova ikertzaileek 400 haur ingururen probak koordinatuko dituzte Euskadin, BCBLko laborategiak eta NeureClinic izeneko logopedia klinika baliatuz.

«Lau hizkuntzetan antzeko datuak aurkituz gero, hizkuntzaren nahasmenduak dituzten haurren hizketaren erritmoa hautemateko eta sortzeko berezko zailtasuna iradokiko luke horrek», adierazi du Marie Lallierrek.

Horrek erritmoan oinarritutako terapia berriei atea irekiko lieke, irakurtzen hasi aurretik hitzen silaba indartsu eta ahulei jarraituz txaloak ematea kasu.

«Gaur egun, oso zaila da aurreikustea zein haurrek garatuko duten nahasmenduren bat; adibidez, 2 urterekin hitz bakar bat esaten ez duten haurren erdiek ez dute hizkuntzaren nahasmendu bat izaten», gaineratu du Marina Kalashnikovak.

Proiektu honek diagnosi-tresna erraz bat sortu nahi du klinikoentzat: AAk prozesatutako hitzak errepikatzeko proba bat, arriskua ia berehala detektatuko duena.

Ikerlanak 5 urteko iraupena izango duela aurreikusten da, eta Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) finantzatzen du, Cambridgeko Unibertsitatearen, BCBLren eta Parisko Institut pour l 'Audition erakundearen arteko lankidetzan. Azken horrek Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) erakundeko zientzia-langileak ditu.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC zentroetako bat da (Basque Excellence Research Center), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) dira haren kideak.

Informazio gehiago eta elkarrizketak:

Unai Macias

unai@guk.eus

690 212 067