Prentsa-oharrak: BCBLk bere egitura zientifikoa sendotu du espezializazio-arlo berriekin
Donostian egoitza duen Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerketarako barne-egitura sendotu eta espezializazio-arlo berriak garatu ditu. Aldaketa horien helburua da hizkuntzaren neurozientzia kognitiboaren arloan ezagutza zientifikoan aurrera egiten jarraitzea.
Manuela Ruzzoli ikerlariak, 2021etik BCBLn lanean ari denak, “Arreta, kontrol kognitiboa eta afektua” ikerketa talde berria zuzenduko du. Talde honek kognizioaren funtsezko hiru osagai hauen elkarrekintza ulertzea izango du helburu, neuroirudia eta garunaren eta gorputzaren erritmoak konbinatuko dituen ikuspegi multimodal baten bidez, proba psikofisiko eta neuropsikologikoekin batera.
Egun lau kidek osatzen duten taldearen helburu nagusia autoerregulazio kognitiboa bultzatzeko estrategiak diseinatzea ahalbidetzen duten garuneko egoerak identifikatzea izango da.
“Arreta, kontrol kognitiboa eta emozioen mekanismoei buruzko oinarrizko zientzia erabakiak hartzearekin eta ingurune aldakorretara egokitzearekin lotzen duen ikerketa-lerro bat gauzatzen ari gara”, azaldu du Manuela Ruzzolik.
Zeinu-hizkuntzaren fokuratzea
Aldi berean, Brendan Costello Ikerbasque ikertzaileak zuzentzen duen BCBLko taldea, zeinu-hizkuntzaren ikerketa ardatz duena, estatusa sendotzen ari da zentroan, eta talde independente bihurtzen ari da, hizkuntza horiek mentalki nola egituratzen eta irudikatzen diren aztertzen jarraitzeko.
“Zeinu-hizkuntzek, hala nola Espainiako zeinu-hizkuntzak (LSE), aukera paregabea eskaintzen dute ulertzeko hizkuntzak nola funtzionatzen duen hizkera ez den beste modalitate batean. Gure lanak zeinu-hizkuntzaren erabileraren errealitate kognitiboa deskribatzen laguntzen du (pertsona gorretan eta zeinu-hizkuntza erabiltzen duten entzuleetan), baina baita hizkuntzaren ulermen orokorra hedatzen ere”, azaldu du Brendan Costellok.
Helburu honekin, bederatzi langile dituen taldeak jokabidezko jarduerak eta neuroirudi-teknika aurreratuak konbinatzen ditu, hala nola erresonantzia magnetiko funtzionala, magnetoentzefalografia eta begiaren jarraipena, aztertzeko nola eta non prozesatzen duen garunak zeinu-hizkuntza, eta prozesamendu hori idatzizko edo ahozko hitzen ezberdina den edo ez zehazteko.
BCBLren ikerketa-esparruaren berregituraketa amaitzeko, beste bi talderen arteko koordinazioan doikuntzak egin dira. Batetik, “Hizkuntzaren neurobiologia” taldeak, aurretik Manuel Carreirasek zuzendua, Lucia Amoruso Ikerbasque Associate Proffesor izango du buru, taldearen ikerketa-ildo nagusiak sendotuz eta hizkuntzaren, zahartze osasuntsuaren eta neurodegenerazioaren arteko elkargunean norabide berriak sustatuz.
Bestalde, Efthymia (Effie) Kapnoula Ikerbasque ikerlariak “Hitz egindako hizkuntza” taldearen zuzendaritza hartuko du, urte askoan Prof. Arthur Samuelen nabarmendutako lidergoaren ostean. Kapnoulak taldearen nazioarteko ospearekin jarraituko du, ikerketa-ildo nagusiak indartuz eta denbora errealeko hizketaren prozesamenduan eta bizitzan zehar izaten ditugun hizkuntza-aldaketan ardaztutako norabide berrietara zabalduz.
Hala, BCBLk kognizioari, garunari eta hizkuntzari buruzko ikerketan bikaintasunarekiko duen konpromisoa sendotzen jarraituko du. Aldi berean, gailentzen ari diren arlo zientifikoak indartuko ditu eta lankidetzarako eta ezagutzak gizartera transferitzeko aukera berriak zabalduko ditu.