Prentsa-oharrak: 2 milioi € haur elebidunen jaiotzatiko hizkuntza-garapena Euskadin ikertzeko
(Donostian, 2025eko abenduaren 9an).- Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroko Marina Kalashnikova ikertzailea Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC) Consolidator Grant laguntza entzutetsuen onuradunetako bat da 2025eko deialdian.
Kalashnikovak, “Haur-hizkuntza eta kognizioa” taldeko buruak, 2 milioi euroko finantzaketa jasoko du Europar Batasunaren aldetik, datozen 5 urteetan Bilingual LENS proiektua gauzatzeko. Jaiotzetik ingurune elebidunean dauden haurren hizkuntzaren garapen goiztiarrean eragiten duten faktore neurobiologikoak eta ingurumenekoak identifikatzea du helburu ekimen aitzindari honek.
«Munduko haur gehienak hizkuntza bat baino gehiago eskuratuz hazten dira. Hala ere, hizkuntza bereganatzeko moduari buruz dugun ezagutzaren zati handi bat haur elebakarrekin egindako ikerketetan oinarritzen da. Bilingual LENS proiektuak ikuspegi hau zalantzan jartzen du», azaldu du BCBLko adituak.
Hutsune zientifiko hau betetzeko, proiektuak luzetarako ikerketak egingo ditu Gipuzkoan jaio eta hazitako haurrekin, lehen egunetatik hizketa euskaraz eta gaztelaniaz entzuten dutenekin. Jarraipenak lehen hilabetetik 24 hilabetera arte iraungo du.
«Gure helburua izango da neurtzea nola haurtxoen ingurune linguistikoak zein bizitzako lehen urtean duten garuneko garapenak haien bi hizkuntzetako gaitasun-linguistikoa aurreikusten duten bizitzako bigarren urtean zehar», gehitu du Kalashnikovak.
Teknologia aurreratua
Ikerketak behaketa-teknikak, neuroirudia eta jokabide-probak bateratuko ditu. Alde batetik, grabagailu berezien bidez ebaluatu eta kuantifikatuko da etxeko interakzio sozialetan haurtxoek entzuten duten hizketa.
Bestalde, BCBLko lantaldeak neuroirudi-tresna osagarriak erabiliko ditu garunaren erantzunak aztertzeko: elektroentzefalografia (EEG), mintzamena prozesatzeko abiadura detektatzeko denbora-bereizmen handia eskaintzen duena, eta Hurbileko Uhin Infragorriaren espektroskopia (fNIRS), jarduera garuneko zein eremutan gertatzen den kokatzea ahalbidetzen duena.
«Teknologia aurreratu hauen erabilerak aukera emango digu ulertzeko haur elebidunaren garunaren eremu zehatzak nola espezializatzen diren hizkuntza prozesatzeko denboraren poderioz», zehaztu du ikertzaileak.
Eragin soziala eta zientifikoa
Bilingual LENS Euskadin egiteak aukera ematen die Kalashnikovari eta haren lantaldeari elebitasunaren ikerketan ohikoak diren erronkei irtenbidea aurkitzeko, hala nola jaiotzetik bi hizkuntza berberak ikasten dituzten neska-mutilen lagin homogeneo bat aurkitzeko zailtasuna.
Proiektuaren emaitzek elebitasunerako zehazki diseinatutako marko teoriko berri bat ezartzea espero da, hazkunde-inguruneak eta garunaren garapenak duten garrantzia eta eginkizuna aitortuz.
Aurrerapen akademikoaz gain, aplikazio praktiko zuzena izango du ekimenak. «Badakigu elebitasuna ohikoa bada ere, familiak kezkatu ohi direla haur elebiduna hazteko estrategiei dagokionez. Bilingual LENSen emaitzek familientzako jarraibide argiagoak diseinatzen lagunduko dute, baita haurtzaroko hezitzaileentzat, osasungintzako profesionalentzat eta arduradun politikoentzat ere”, ondorioztatu du Marina Kalashnikovak.
ERCri buruz
Europako Ikerketa Kontseilua (ERC) bikaintasunezko ikerketako finantziazio-erakunde nagusia da. Bere beka-programek herritartasun eta adin guztietako ikertzaileak finantzatzen dituzte Europan proiektuak bultzatzeko. Zehazki, lau deialdi nagusi ditu: Starting Grants, Consolidator Grants, Advanced Grants eta Synergy Grants.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostian egoitza duen diziplina arteko nazioarteko ikerketa zentroa da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituena. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ditu kide.
Informazio gehiago eta elkarrizketak:
Unai Macias
690 212 067